Gerra zibila EHan

martes, mayo 02, 2006

JOXE ANTONIO AGIRRE LEKUBE


Joxe Antonio Agirre Bilbon jaio zen 1904ko martxoaren 6an eta Parisen hil 1960ean. Aita bergararra zen eta ama mutrikuarra. Aurreneko Euzko Jaurlaritzak izan zuen lehenengo lehendakaria. Urduñan eta Deustuko Unibertsitatean egin zituen Zuzenbide ikasketak. Amaitu ondoren abokatu-lanetan hasi zen. Familia katoliko batean hazitakoa zenez, gaiarekiko sentsibilitate berezia zuen. Bizkaiko Gazte Katolikoen lehendakaria izan zen. Nazionalismoa ere oso barneratua zeukan; Miguel Primo de Riveraren diktadura aurretik EAJko kidea zen. Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen egunean agertu zen lehenengo aldiz jendaurrean (1931-IV-14); garai horretan Getxoko alkatea zen, jadanik abokatu-lanak bazterturik zeuzkan eta politikan sartua zen guztiz.
Bizkaiak eta Nafarroak Madrilgo Gorteetako diputatu hautatu zuten aldi berean (1931); Gorteetan "Minoria Vasco-Navarra"-ren idazkaria izan zen. Hizlari onaren fama hartu zuen Madrilen. Diputatu berrautatu zuten, oraingoan Bizkaitik bakarrik (1932 eta 1936an). Francoren altxamenduaren ondoren, Espainiako Gerra zibilen Gorteetan Euskal Autonomi Estatutua onartu zen (1936-X-1) eta sei egun beranduago, Gernikan bilduriko alkateek, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu zuten (1936-X-7). Gobernuburu zela, Europako aliatuen batasun politikora hurbildu zen, ordena publikoa mantendu, eliz ospakizunak berrezarri eta gudariak eta miliziak antolatu zituen; Euskal Unibertsitatea ere sortu zuen. Bilbo Francoren eskuetan erortzear zegoela, Turtzioz-era eta handik Kantabriara joan zen Euzko Gudarosteko buruekin batera (1937); Miarritze, Paris eta Bartzelonara izan ziren hurrengo pausoak. Bartzelona ere erori zenean, Frantzia eta gero Belgikara ihes egin zuen Companys eta Irujorekin.
Europan Bigarren Mundu-Gerra hasi zenean Frantziara itzuli nahi izan zuen, baina ez zuen lortu. Arrisku larrian zegoen Gestapoa, polizia frantsesa eta frankistak bere atzetik baitzituen; hala ere, Berlinera joan zen eta handik, nola hala, Ameriketara pasatzea lortu zuen (1941-VII-31). Gorabehera hauen berri "De Guernica a Nueva York pasando por Berlín" liburuan eman zuen. New York-eko Columbia Unibertsitatean historia garaikideko irakaslea izan zen. Parisera itzuli zen (1946) eta, Erbesteko Euzko Jaurlaritzako lehendakari moduan, Euskal Herria frankismoaren eskuetatik askatzeko lan egin zuen. Parisen, ohean hilik aurkitu zuten 1960ko martxoaren 22an. Donibane-Lohizunen ehortzi zuten eta Jesus Mari Leizaolak hartu zuen Jaurlaritzako lehendakaritza.