Gerra zibila EHan

miércoles, abril 19, 2006

Gerrate Zibila Euskal Herrian

Espainian 1936 eta 1939 urteen artean gertatu zen Gerra Zibilak bere partea izan zuen Hego Euskal Herrian. Bertan, Espainian eztabaidan zeuden printzipio sozio-ekonomikoei eta ideologikoei gehitu behar zaio abertzaletasunaren inguruko eztabaida. Gauzak honela, 1936ko uztailaren 18an Francisco Franco jenerala Melillan altxa zenean berarekin bat egin zuen Iruñean zegoen Mola Jenerala eta beraren alde zeuden nafar karlista guztiek. Araban ere Jose Luis Oriol kazike karlistak bere eraginaz baliatuz altxamenduaren alde jarri zuen probintzia ia osoa. Bizkaia errepublikaren alde agertu zen eta Gipuzkoan zalantza uneak izan ziren hasiera batean. Honela, laster Hego Euskal Herria bitan zatitu zen.

Gipuzkoaren konkista

Donostian Carrasko Koronelak altxamenduarekin bat egin zuen baino ez berehala. Honela, herri mugimendua erabakigarria izan zen Donostiaren defentsa errepublikazalerako. Leku klabe batzuetan zeuden falangistak neutralizatu ondoren Urbieta kalean, uztailaren 21ean egin zioten aurre azkenean altxatzea erabaki zuten Loiolako kuarteleko tropei. Trenez probintziatik iritsi ziren laguntza indarrek erabaki zuten bataila eta tropei atzera eginarazi zieten. Egun batzuen buruan, uztailaren 28an, militarrek amore eman zuten Donostiako defentsa juntaren aurrean baina armak anarkistak hartu zituzten. Hurrena mugarekin lotura mantentzea izan zen helburua. Likinianok gidatutako anarkistak ziren indartsuenak Donostian eta Irun aldera jo zuten sozialista, komunista eta ANVko abertzale ezkertiarrekin Aiako Harrien inguruan Bortizki sartzen ari zen Soltxaga jeneralaren indar karlistei aurre egiteko. Borroka latza izan zen mendian eta hiriburuan eskuindarren erailtzeak ugaritu ziren, Ondarretako kartzelaren asaltoa barne. Uda amaierako Irun galdu zuten errepublikarrek (aurretik erre egin zuten anarkistek) eta Donostian irailaren 13an sartu ziren matxinatuak. Ondoren, Donostian populazioaren herena geldituta ere “garbiketa” sistematikoa burutu zen. Oria ibaitik behera sartu zen Mola jenerala eta negurako Gipuzkoako frontea galduta zegoen. Azpeitian koarteleratuta zeuden indar nazionalistak atzera Bizkaira egin zuten.




Nafarroako errepresioa

Hasiera batetik Espainia mailan garrantzitsua izan zen Iruñean Mola jeneralak egin zuen altxamendua oligarkiak, karlistek, eliza katolikoak eta komunikabide nagusienak lagunduta. Ondoren Nafarroa osoan matxinatuen aurkako indarrak erabat desagertzeko ahaleginetan errepresio bortitza ezagutu zen. Hiru mila inguru pertsona hil zituzten karlista eta falangistez osatutako eskuadroiek. Anarkistak, sozialistak eta abertzaleak antolamendu eta buruzagirik gabe utzi zituzten.

“Euzko Jaurlaritza"ren sorrera

1936ko urriaren 8an Gernikako Juntetxean JOSE Antonio Agirre Euzko Jaurlaritzaren lehendakari kargua zin egin zuen. Gobernuak bederatzi hilabete iraun zuen. Batasun gobernua sortu zuen nazionalista, komunista errepublikazale eta sozialistez osatua. Beronen ekimena praktikan estatu independente batena izan zen halabeharrez gerrak bultzatuta: unibertsitatea, txanpona, armada, etab.

Legutioko ofentsiba

Azaroaren 30ean gertatu zen Euskal Armada eratu berriak egin zuen erasoaldi bakarra. Beronen bitartez, Bizkaia hegoaldetik eta Debagoienatik Arabaren jabe egitea zen helburua. Erasoaldiak izandako porrotean agertu zen bi gudarosteen ezaugarrien desberdintasuna: nahiz eta zenbaki aldetik alde nabarmenik ez egon, aireko ejertzitoan zegoen aldeak abantaila nabarmena ematen zion bere bonbardaketekin Molaren armadari.




Bizkaiko ofentsiba eta Gernikaren bonbardaketa

Negua pasatuta, 1937ko udaberri aldera hasi zen Bizkaia menderatzeko matxinatu frankisten ofentsiba. Hauek bere alde zuten airea eta baita itsasoa ere, euskal kostaldean ezarritako blokeoarengatik. Hortaz, ofentsiba egitearekin batera arma berri bat erabili zuten, ordura arte munduko gerretan ikusi ez zena: erretagoardiako populazio zibilaren bonbardaketa eta herrien suntsipena, morala jaisteko eta erresistentzia ahultzeko. Honela, Durangon hasi ziren, martxoaren 31an, eta italiarren abioiek 300 pertsona hil zituzten. Gero munduan ezaguna egin zen Gernika bonbardatu zuten alemaniarrek, apirilaren 26an. Eta handik bi egunetara sartu ziren tropa frankistak herrian. Hilabeteko erresistentzia bortitza suntsituta gelditu zen.


Bilboren galera

Bizkaia ia guztia hartuta, frankistei Bilbo gelditzen zitzaien hartzeko. Batailaren garrantziaz jabetuta Franco eta Mola berberak izan ziren guda zelaian. Aurretik Bilbo inguruko “burdinazko hesiaren” planoak lortu zituzten Alejandro Goikoetxea ingeniariaren traizioari esker. Hala ere, eta aireko bonbardaketak lagun, erresistentzia gailentzeko gai izan ziren setiatzaileak. Mola, bitartean, “aire istripu” batean hil zen. Ekainaren 19an Bilbo hartu zuten. Hamar egun geroago Bizkaia osoa.