Gerra zibila EHan

martes, mayo 02, 2006

INDALECIO PRIETO


Indalecio Prieto Oviedon jaio zen 1883an eta Mexikon hil 1962an. Alderdi sozialistako (PSOE) alde zentristako burua zelarik, diputatu hautatu zuten Bilbon (1918). Donostiako itunean parte hartu zuen 1930ean. Azañaren gobernuan finantza eta herri-lanetarako ministroa izan zen (1931 - 1933), Espainiako Gerra Zibilean Largo Caballerorekin aireko ministroa (1936-37) eta Negrínekin defentsa-ministroa (1937-38). Bere jarrera antikomunista zela-eta kendu egin zuten kargutik 1938an.


JOXE ANTONIO AGIRRE LEKUBE


Joxe Antonio Agirre Bilbon jaio zen 1904ko martxoaren 6an eta Parisen hil 1960ean. Aita bergararra zen eta ama mutrikuarra. Aurreneko Euzko Jaurlaritzak izan zuen lehenengo lehendakaria. Urduñan eta Deustuko Unibertsitatean egin zituen Zuzenbide ikasketak. Amaitu ondoren abokatu-lanetan hasi zen. Familia katoliko batean hazitakoa zenez, gaiarekiko sentsibilitate berezia zuen. Bizkaiko Gazte Katolikoen lehendakaria izan zen. Nazionalismoa ere oso barneratua zeukan; Miguel Primo de Riveraren diktadura aurretik EAJko kidea zen. Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen egunean agertu zen lehenengo aldiz jendaurrean (1931-IV-14); garai horretan Getxoko alkatea zen, jadanik abokatu-lanak bazterturik zeuzkan eta politikan sartua zen guztiz.
Bizkaiak eta Nafarroak Madrilgo Gorteetako diputatu hautatu zuten aldi berean (1931); Gorteetan "Minoria Vasco-Navarra"-ren idazkaria izan zen. Hizlari onaren fama hartu zuen Madrilen. Diputatu berrautatu zuten, oraingoan Bizkaitik bakarrik (1932 eta 1936an). Francoren altxamenduaren ondoren, Espainiako Gerra zibilen Gorteetan Euskal Autonomi Estatutua onartu zen (1936-X-1) eta sei egun beranduago, Gernikan bilduriko alkateek, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu zuten (1936-X-7). Gobernuburu zela, Europako aliatuen batasun politikora hurbildu zen, ordena publikoa mantendu, eliz ospakizunak berrezarri eta gudariak eta miliziak antolatu zituen; Euskal Unibertsitatea ere sortu zuen. Bilbo Francoren eskuetan erortzear zegoela, Turtzioz-era eta handik Kantabriara joan zen Euzko Gudarosteko buruekin batera (1937); Miarritze, Paris eta Bartzelonara izan ziren hurrengo pausoak. Bartzelona ere erori zenean, Frantzia eta gero Belgikara ihes egin zuen Companys eta Irujorekin.
Europan Bigarren Mundu-Gerra hasi zenean Frantziara itzuli nahi izan zuen, baina ez zuen lortu. Arrisku larrian zegoen Gestapoa, polizia frantsesa eta frankistak bere atzetik baitzituen; hala ere, Berlinera joan zen eta handik, nola hala, Ameriketara pasatzea lortu zuen (1941-VII-31). Gorabehera hauen berri "De Guernica a Nueva York pasando por Berlín" liburuan eman zuen. New York-eko Columbia Unibertsitatean historia garaikideko irakaslea izan zen. Parisera itzuli zen (1946) eta, Erbesteko Euzko Jaurlaritzako lehendakari moduan, Euskal Herria frankismoaren eskuetatik askatzeko lan egin zuen. Parisen, ohean hilik aurkitu zuten 1960ko martxoaren 22an. Donibane-Lohizunen ehortzi zuten eta Jesus Mari Leizaolak hartu zuen Jaurlaritzako lehendakaritza.

DOLORES IBARRURI (PASIOANRIA)


Dolores Ibarruri Gallarta-Abanton jaio zen 1895ean eta Madrilen hil 1989an. Meatzari-familia batean sortu zen. Gaztetan marxista taldetan murgildu zen eta 1917ko greba iraultzailean meatzarien buru izan zen. Espainiako Alderdi Komunistako (PCE) komite zentraleko kide (1930) eta Espainiako Gerra Zibilean alderdiko propagandista garrantzitsua izan zen. Kongresurako diputatu hautatu zuten Asturiasen (1936). Gerra Zibila amaitutakoan Moskura(SESB) atzerriratu zen eta errefuxiatuentzako laguntza antolatzen jardun zuen. PCEko idazkari nagusi (1942-60) eta lehendakaria izan zen (1960). Atzerritik itzuli eta berriro Kongresurako diputatu hautatu zuten Asturiasen (1977). Emakumearen, eta batez ere emakume langilearen, alde lan itzela egin zuen.

GONZALO NARDIZ BENGOETXEA
Bizkaitar burkide abertzalea( Bermeo, 1905). ANV alderdiko kide izan zen hura sortu zenetik. Euskal osteen armen hornikuntzaz arduratu zen Espainiako Gerra Zibilean eta Lehen Euskal Gobernua Nekazaritzako ministro izendatu zuten. Euskal Gobernuko kontseilari izan zen erbestean. Gerra amaitutakoan Parisa erbesteratu zen lehenbizi eta Mexikora ondoren, Telesforo Monzon eta Santiago Aznarrekin batera 1946. urtean Donhibane-Lohizunera etorri zen arte. Tierra vasca eta Euskal-Deya agerkarietan eman zituen argitara artikulu aipagarrienak.

EMILIO MOLA VIDAL


Emilo Mola Pazetas-en, Kuba-n, jaio zen 1887an eta Castil de Peones-en, Burgosen, hil 1937an. Guardia Zibil baten semea eta jeneral espainiarra izan zen.
Marokon ibili zen 1909 - 1930 bitartean, han Frankorekin topo egin zuen. Segurtasunerako Zuzendaritza nagusiko buru izan zen (1930 - 1931). Bere jokabidea zela eta, prozesatu eta armadatik kanporatu egin zuten (1931), baina 1934ean amnistiatu egin zuten. Espainian Herri Fronteak 1936ko hauteskundeak irabazi zituenean Nafarroako Gobernadore militar izan zen. Espainiako Bigarren Errepublika zirikatu, altxamendua prestatu eta gidatu zuen (1936).Gerra Zibilean, Espainiako iparraldeko frankisten indarrak gidatu eta Alfontso Beorlegiren osteek Donostia hartu zuen. Gernika bonbardatu ondoren (1937 - IV - 26) suntsitutako herrian sartu zen. Frankistek Bilboko "Burdin Gerriko"tik hurbil zeudenean, Burgostik Gasteizera hegazkinez zihoala “istripua” zela esandakoan hil zen. Hala eta guztiz ere ez da inoiz argitu nola gertatu zen “istripua”.


FELIX LIKINIANO

Felix Likiniano, Eskoriatzako (Gipuzkoa) buruzagi anarkista, Espainiako Gerrate Zibilan borroka gune izan zuena. Parte hartze nabarmena izan zuen Donostia hasiera batean falangisten eskuetan ez erortzeko. Uztailaren 18an Francoren altxamendua gertatu ondoren, politikari nagusienek komiteak egiten zituzten bitartean, anarkistek(CNT), Likinianok gidatuta Urbierta kalean aurre egin zieten uztailaren 19an. Amarako eskolak dauden inguru horretan barrikadak jarrita eutsi egin ahal izan zioten armada egituratu baten erasoari. Azkenean , Eibartik trenez etorritako langile gehiagoren laguntzaz Loiolara bota zituzten atzera soldaduak eta geroago bertako erasoan parte hartuz, garaitu egin zituzten altxatuak. Ondoren muga defendatzea izan zen helburua eta bakarrik, sozialista, komunista eta ANVkobatzuen laguntzaz eutsi zioten denbora batez Solchaga generalaren armadari Aiako Harrien inguruan. Azkenik, irailaren 13an, Mola generalaren nafar gudaroste altxatua Donostian sartu zen. Likiniano, gerora, Katalunian eta Aragoin izan zen gerran. Frantzian ere erresistentzian parte hartu zuen nazien aurka. Azkenik, Miarritzera itzuli zen eta bertan ezagutu zituen beste hego euskal herritar iheslari batzuk. Hauei sortu zien Euskadi Ta Askatasunaren anagrama: sugea eta aizkora.

miércoles, abril 19, 2006

Gerrate Zibila Euskal Herrian

Espainian 1936 eta 1939 urteen artean gertatu zen Gerra Zibilak bere partea izan zuen Hego Euskal Herrian. Bertan, Espainian eztabaidan zeuden printzipio sozio-ekonomikoei eta ideologikoei gehitu behar zaio abertzaletasunaren inguruko eztabaida. Gauzak honela, 1936ko uztailaren 18an Francisco Franco jenerala Melillan altxa zenean berarekin bat egin zuen Iruñean zegoen Mola Jenerala eta beraren alde zeuden nafar karlista guztiek. Araban ere Jose Luis Oriol kazike karlistak bere eraginaz baliatuz altxamenduaren alde jarri zuen probintzia ia osoa. Bizkaia errepublikaren alde agertu zen eta Gipuzkoan zalantza uneak izan ziren hasiera batean. Honela, laster Hego Euskal Herria bitan zatitu zen.

Gipuzkoaren konkista

Donostian Carrasko Koronelak altxamenduarekin bat egin zuen baino ez berehala. Honela, herri mugimendua erabakigarria izan zen Donostiaren defentsa errepublikazalerako. Leku klabe batzuetan zeuden falangistak neutralizatu ondoren Urbieta kalean, uztailaren 21ean egin zioten aurre azkenean altxatzea erabaki zuten Loiolako kuarteleko tropei. Trenez probintziatik iritsi ziren laguntza indarrek erabaki zuten bataila eta tropei atzera eginarazi zieten. Egun batzuen buruan, uztailaren 28an, militarrek amore eman zuten Donostiako defentsa juntaren aurrean baina armak anarkistak hartu zituzten. Hurrena mugarekin lotura mantentzea izan zen helburua. Likinianok gidatutako anarkistak ziren indartsuenak Donostian eta Irun aldera jo zuten sozialista, komunista eta ANVko abertzale ezkertiarrekin Aiako Harrien inguruan Bortizki sartzen ari zen Soltxaga jeneralaren indar karlistei aurre egiteko. Borroka latza izan zen mendian eta hiriburuan eskuindarren erailtzeak ugaritu ziren, Ondarretako kartzelaren asaltoa barne. Uda amaierako Irun galdu zuten errepublikarrek (aurretik erre egin zuten anarkistek) eta Donostian irailaren 13an sartu ziren matxinatuak. Ondoren, Donostian populazioaren herena geldituta ere “garbiketa” sistematikoa burutu zen. Oria ibaitik behera sartu zen Mola jenerala eta negurako Gipuzkoako frontea galduta zegoen. Azpeitian koarteleratuta zeuden indar nazionalistak atzera Bizkaira egin zuten.




Nafarroako errepresioa

Hasiera batetik Espainia mailan garrantzitsua izan zen Iruñean Mola jeneralak egin zuen altxamendua oligarkiak, karlistek, eliza katolikoak eta komunikabide nagusienak lagunduta. Ondoren Nafarroa osoan matxinatuen aurkako indarrak erabat desagertzeko ahaleginetan errepresio bortitza ezagutu zen. Hiru mila inguru pertsona hil zituzten karlista eta falangistez osatutako eskuadroiek. Anarkistak, sozialistak eta abertzaleak antolamendu eta buruzagirik gabe utzi zituzten.

“Euzko Jaurlaritza"ren sorrera

1936ko urriaren 8an Gernikako Juntetxean JOSE Antonio Agirre Euzko Jaurlaritzaren lehendakari kargua zin egin zuen. Gobernuak bederatzi hilabete iraun zuen. Batasun gobernua sortu zuen nazionalista, komunista errepublikazale eta sozialistez osatua. Beronen ekimena praktikan estatu independente batena izan zen halabeharrez gerrak bultzatuta: unibertsitatea, txanpona, armada, etab.

Legutioko ofentsiba

Azaroaren 30ean gertatu zen Euskal Armada eratu berriak egin zuen erasoaldi bakarra. Beronen bitartez, Bizkaia hegoaldetik eta Debagoienatik Arabaren jabe egitea zen helburua. Erasoaldiak izandako porrotean agertu zen bi gudarosteen ezaugarrien desberdintasuna: nahiz eta zenbaki aldetik alde nabarmenik ez egon, aireko ejertzitoan zegoen aldeak abantaila nabarmena ematen zion bere bonbardaketekin Molaren armadari.




Bizkaiko ofentsiba eta Gernikaren bonbardaketa

Negua pasatuta, 1937ko udaberri aldera hasi zen Bizkaia menderatzeko matxinatu frankisten ofentsiba. Hauek bere alde zuten airea eta baita itsasoa ere, euskal kostaldean ezarritako blokeoarengatik. Hortaz, ofentsiba egitearekin batera arma berri bat erabili zuten, ordura arte munduko gerretan ikusi ez zena: erretagoardiako populazio zibilaren bonbardaketa eta herrien suntsipena, morala jaisteko eta erresistentzia ahultzeko. Honela, Durangon hasi ziren, martxoaren 31an, eta italiarren abioiek 300 pertsona hil zituzten. Gero munduan ezaguna egin zen Gernika bonbardatu zuten alemaniarrek, apirilaren 26an. Eta handik bi egunetara sartu ziren tropa frankistak herrian. Hilabeteko erresistentzia bortitza suntsituta gelditu zen.


Bilboren galera

Bizkaia ia guztia hartuta, frankistei Bilbo gelditzen zitzaien hartzeko. Batailaren garrantziaz jabetuta Franco eta Mola berberak izan ziren guda zelaian. Aurretik Bilbo inguruko “burdinazko hesiaren” planoak lortu zituzten Alejandro Goikoetxea ingeniariaren traizioari esker. Hala ere, eta aireko bonbardaketak lagun, erresistentzia gailentzeko gai izan ziren setiatzaileak. Mola, bitartean, “aire istripu” batean hil zen. Ekainaren 19an Bilbo hartu zuten. Hamar egun geroago Bizkaia osoa.

martes, marzo 14, 2006

SANTOÑAKO AMAIERA

Aurretik italiarri ukatutako negoziazio bidea berriz ireki zuen Euzko Jaurlaritzak [[Alberto Onaindia]]ren bitartez. Euskal Herria galduta zegoen eta ez zegoen borrokan jarraitzeko asmorik gehienen aldetik. Borrokan jarraitu nahi zutenek Katalunia aldera joateko desioa zuten han Asturiasen baino indar handiagoz baitzeuden errepublikazaleak. Juan Ajuriagerrak abuztuaren 21ean sinatu zuen Santoñako hitzarmena italiarrekin. Bertan, italiarrek euskal gudarien bizitzaren truke guztizko errendizioa eskatzen zuten. Honela jokatzeak, errepublikaren lehentasuna ez onartzea suposatzen zuen eta euskaldunek Espainiako errepublikari egindako traizioa zen. Hala ere, italiarrek beraiek traizioa egin zioten hitzartutakoari eta gudariak eta agintariak frankisten esku utzi zituzten ihes egiteko aukerarik eman gabe. Euzko Jaurlaritzak, ordutik aurrera, erbestean lan egin behar izan zuen. Euskal herritarrek bertan jasan zuten errepresioa eta zapalkuntza ideologikoak berrogei urte gehiago iraun zuen.


martes, marzo 07, 2006

GERRA ZIBILA EHn